XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jaungoiko-Zalek haurrentzat herrietan antolatu ohi zituen sariketa eta jaietan ere Imanol Enbeita han izan ohi zen bere kazetari-lanean.

Argitalpen honetan egindako lana oparoa izan arren, nahiko ezezaguna eta ilunpean gelditua izan dela dio Lino Akesolok.

Euzkerean egin zuena, berriz, ezagunagoa izan zela diosku, baina ez zor zitzaion adina eskertua.

Dena dela, Euzkadin erakutsi zuen Imanol Enbeitak bere abertzale, euskaltzale, olerkari eta kazetari finaren maila bikaina.

Lino Akesolok harriturik eta miretsirik idazten zuen: Ez da gero neke txikia eta egiteko makala be, egunero, egunkariko orri bat osoa bete beharra. (...) Euskal gazetalaritzan iñori omenik zor bajako, bat Imanol au dala nik uste. Gaurko gure gazetalariak, ainbeste diru-laguntzaz eta taldean eta alkar-lanean ekinik be, ez dira askotan gauza izan egunero euskal-atal ganorazko bat betetako. Ibon, bere lan-gelan bakarrik, bera zan naiko askoren lana egiteko".

Beste ataltxo batean hauxe dio: Guri, urte arein inguruan eguneroko orri albistarietara begiak zabaldu genduezanoi, Euzkadi egunkariak ekarren Euskal-atala irakurriaz, Uribitarte'tar Ibon izena oso etxeko eta begiko egin jakun. Lenengo orrialdean etorren Egunerokua-k eta azkenengo orrialdeko Gaiak izenpeko lanak munduan zear eta Euskalerrian jazoten zanaren ia mami guztia eta ikuspegitxoa emoten euskun

Badakigu orduko ikastoletan ere haren prosazko testuak erabili ohi zirela, eredutzat jarririk.

Beste aldetik, ageri-agerian dago zeintzuk ziren haren joerak, nahiak eta bizi zuen giroa.

Bete-betean orduko abertzale eta erlijio giroan murgildurik dugu.

Hark gainezka zuen bihotza herri-maitasunez, euskaltzaletasunez eta hori gertatu zitzaion eragile gartsu leporatu zituen lan nekagarriak, iraupen luzekoak eta egunerokoak burutzeko... gerrate ankerrak guztia erraustu zuen arte.

Idazkera argia zuen.

Esaldiak egoki tolesten, haiei gurpila ematen zekien, herri-esapidez ongi hornituz eta gozatuz.

Ba olerki eta bertsoz, bai hitz lauz joskera onaren eta ongi esatearen maisu ageri zaigu.